Otsailaren 27an, Bartzelonako Sant Adriá de Besós hiriko Marina Besós kiroldegian ospatu zen Espainiako Borroka Txapelketan, Maiderrek hamabigarren txapela lortu zuen. Lehen bi ekinaldietan Haridian Gonzalez eta Maria Jose Noguerari gailendu ondoren, urrezko domina erabaki zuen borrokaldia irabazi zion Dacil López kanariarrari.
Emakumezkotan, Euskadiko taldeak, brontzezko domina irabazi zuen sailkapen orokorrean.
Hona hemen 2010. urteko txapelketan jasotako irudi bilduma:
Ostegunean Suediara abiatuko da Maider. Bertan, aurtengo Europako Txapelketari begira daraman prestaketari jarraituz, Klippan Lady Open txapelketan parte hartuko du eta datorren astean, Espainiako taldearekin batera, entrenatzen geratuko da bertan.
Datorren asteburuan Espainiako Borroka Txapelketa ospatuko da Bartzelonako Sant Adriá de Besós hirian. Ostiralean, mediku azterketa eta pisaketa izango dituzte parte hartzaileek.
Larunbat goizez kanporaketa saioak izango dira eta bazkaldu ondoren, finalaurre eta bigarren aukerako borrokaldiak bukatuta, aurtengo txapeldunak izendatuko dituzten finalak burutuko dira.
Maiderrek aurten hiru arerio izango ditu bere hamabigarren txapela lortzeko bidean: Maria Jose Noguera andaluziarra, Haridian Gonzalez eta Dacil Lopez kanariarrak.
Joan den otsailaren 6an, larunbatez, Colorado Springsen ospatu zen Dave Schultz nazioarteko borroka txapelketan Maiderrek 4. postua lortu zuen.
Zozketak aurreneko kanporaketatik kanpo utzi zuen eta final laudenetako borrokaldian Jenna Pavlik Estatu Batuarra kanporatu zuen (1-0,0-2,1-0). Hona hemen borrokaldi honen irudiak.
Finalerdietan Dan Li Txinatarrarekin galdu zuen (0-1,5-0,3-1) azken unean erabaki zen borrokaldi gogor baten ondoren.
Modu hontan, bigarren aukerako aurreneko urratsa Eva-Maria Maierhofer Austriarrari irabaziz (Pin 4-0,1:54) egin zuen. Gero, brontzezko domina jokoan zela, ezin izan zuen Yan Hong Txinatara gainditu (5-2,2-1).
Otsailaren 3an, Maider Estatu Batuetako Colorado Springs hirira abiatu da asteburu honetan ospatuko den Dave Schultzen oroimenezko txapelketan parte hartzera. Mundu mailan denboraldi hasierako hitzordu ezagunetarikoa da Coloradon ospatzen dena. Otsailaren 4tik 6ra bitartean arituko dira mundu guztitik joandako borrokalariak. Txapelketa Estatu Batuetako Olinpiar taldeak Coloradon daukan kirol gunean ospatuko da.
Maiderrek larunbatez lehiatu beharko du eta datorren astean, Espainia eta Estatu Batuetako federazioen akordioa medio, entrenamenduak burutuko ditu bertan amerikar taldearekin batera.
Abenduaren 20an, Aramaioko Sastiña ermitan izandako ekitaldian, Maider herriko alaba kuttun izendatu zuten. Bere kirol ibilbidean, parte hartutako txapelketa eta lortutako sariekin, Aramaioarren izena munduan zehar zabaldu izanagatik izendatu dute alaba kuttun.
Ekitaldia ermitako sarreran eskeinitako ohorezko aurreskuarekin hasi zen. Ondoren, orain arte Aramaioko azken seme kuttun izan den Patxi Uribarrenek jarri zion herriko lehen alaba kuttun bihurtzen zuen pina. Maiderren nortasuna eta indarra azpimarratu zituen Uribarrenek izendapeneko hitzaldian. Asier Agirre alkateak, euskal makila bat oparitu zion eta Oletako auzotarrek lore sorta bat. Ekitaldia Aramaioko beste seme kuttun baten parte hatzearekin bukatu zen, Bixente Goikoetxea abesbatzaren kantaldiarekin hain zuzen ere.
Ekitaldi berean, Sastiña ermitaren itxura berria ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Aurrerantzean kultur topaleku izatea nahi duten txoko berri batean bihurtu dute. Horretarako, Emakume Kirolariak izeneko argazki erakusketa zabaldu zuten. Bertan Yahaira Agirre, Maialen Chourraut, Reyes Azkoitia, Elaia Torrontegi, Josune Bereziartua eta Maider bera dira protagonistak.
Hona hemen ekitaldiko une batzu biltzen dituen argazki bilduma:
Abenduaren 18an, Oñatiko Santa Ana aretoan ospatu zen Debagoieneko II. Kirol Sarien banaketa ekitaldian, Maiderrek emakumezko kirolari onenaren saria jaso zuen. 2009 urteko kirol lorpenen arabera, Oihana Kortazar Espainiako mendi lasterketen txapelduna eta Mari Sol Ramos korrikalaria ere hautagai izan ziren baina epaimahaiaren erabakiak Maiderri eman zion saria bigarren urtez jarraian.
Debagoienean kirolean ari direnen lana eskertu asmoz, guztira 15 sari banatu zituzten antolatzaileek. Batetik, bost Udal antolatzaileen herritarrentzako sariak (Aretxabaleta, Aramaio, Elgeta, Leitz-Gatzaga eta Oñatikoak) eta bestetik, gizonezko (aurten Jonathan Perez pertigista izan da saritua) zein emakumezko kirolari onenaren aipamenak izan ziren. Kirol talde aipagarriena UDA taldea izan zen eta Reyes Azkoitiak entrenatzaileari emandakoa jaso zuen. Jone Muxika txirrindulariak kirol ibilbideari eskeinitakoa eta kirol babesle onenarena Soraluze Koop. enpresak. Joxe Eskibel atletak kirol egile anonimoaren aipamena jaso zuen eta herritarren saria Manolo Muñoz, Eskoriatza Kirol Elkarteko presidenteak.
Joan den abenduaren 11an, ostiralez, Gasteizeko Goiuri Jauregian ospatu zen Arabako Kirolaren XVI. Galan, Maider 2009 urteko kirolari aipagarrienen artean saritu zuten. Herningen ospatutako Munduko Txapelketan lortu zuen brontzezko dominak balio izan dio, bigarren urtez jarraian, aipamen hau irabazteko.
Arabako Kirol Prentsa Elkarteak antolatutako Gala honetan, beste kirolari batzuk ere urteko kirolari onenaren aipamena jaso zuten: Sugoi Uriarte, judoko munduko txapeldunordea; Estitxu Salinas, 8.000 m. gailurra lortzen duen lehen emakume arabarra; Iker Foronda, zezta puntan munduko txapelduna; Eli eta Patri Pinedo, bi ahizpen artean estatuko liga, EHF Kopa eta Erreginaren Kopa lortu zituzten;Eneko Llanos, Espainiako txapeldun, Frankfurteko Ironmanean bigarren eta hirugarren urtez jarraian Hawaiko Munduko Xterra txapelketaren irabazle. Eta hauekin batera, urteko kirolari txapeldun bezala, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak saritu zituzten Naranjo de Bulnesen Orbayu bidea zabaltzeagatik.
Azaroaren 28an, larunbatez, Gasteizen ospatu zen "II. Gasteiz Borroka Saria" medio, Arabako Borroka eta Sanbo Federazioak zilarrezko pinak banatu zituen.
Borroka munduan egindako lanagatik, Espainiako Federazioko Zuzendariak, Francisco Javier Iglesiasek; Espainiako emakumezkoen hautatzaileak, Francisco Barciak eta Epaile Elkartearen Presidenteak, Juan Antonio Vilchesek, Arabar Federazioaren zilarrezko pin bana jaso zuten.
Maiderri ere, bere kirol lorpenak eta batez ere Danimarkako Munduko Txapelketan irabazitako domina haitzat hartuta, zilarrezko pina eta irudi bat oparitu zizkioten.
Maiderrek Euskadiko Borroka Federazioak eskeinitako omenaldia jaso zuen joan den urriaren 16an.
Donostian ospatu zen afari-omenaldian azken urteetako kirol lorpenak aintzat hartu nahi izan zituen Euskal Federazioak. Bertako lehendakari den Julen Idarretaren eskutik oroigarri moduan txapela eta lore sorta bat jaso zituen Maiderrek eta Luis Crespo entrenatzailearentzat ere izan zen aipamenik, agintari makila batekin eskertu zioten egindako lana.
Eskerrak emateko orduan, talde lana aipatu zuen Maiderrek. Prestatzailea eta entrenamendu lagun dituen Natxo eta Mikelek egiten duten ahalegina azpimarratu nahi izan zituen. Musutruk egiten duten lan eskerga.
Omenaldian parte hartu zutenetako batzu
Euskadiko Federazioko ordezkarietaz gain, borroka talde desberdinetako partaideek ere bat egin nahi izan zuten omenaldian.
Omenaldiko zenbait pasarte ikus daitezke honako argazkietan.