MaiderUnda.com

2014/10/23

Maider entrenamentuetara itzuli da

Ama berriki izan eta gero (pasa den abuztuan jaio zen Iraide alaba) goi mailako lehiaketara itzultzeko plangintza jarri du abian Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentrura egin duen bisitan, Basque Team fundazioaren egoitzan hain zuzen ere. Bertako zerbitzu medikuen buruarekin, Xabier Leibarrekin, eta Julen Erauskin eta Usue Zatika teknikoekin bildu ziren Maider eta Luis Crespo bere entrenatzailea.

Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko helburua izango du hurrengo urtean. Horretarako premiazkoa izango du Las Vegasen jokatuko den 2015eko Munduko txapelketan egotea, bertan Riorako 5 txartel izango baitira jokoan. Aurtengo berritasun nagusia orain arte Maider lehiatu den kategoriaren desagerpena izango da, 72 kiloz azpikoa hain zuzen ere. “Ama izan eta gero ez nuen uste hain argi izango nukeenik baina nire pentsamendua kirolean izaten jarraitzen dut eta hemen nago segitzeko asmoz”. Azken asteetan ekin dio Maiderrek entrenamendu fisikoari eta bere ustetan “iritsi da momentua zein egoeratan hasiko garen lanean zehazteko eta ze plangintzarekin Mundialari begira” Mailaz aldatzearekin batera (75 kiloz azpikoa), Maider jakitun da lehiaketa guztiz aldatuko dela. Hiru minutuko bi saio izango dira eta borrokak biziagoak izatearekin batera dinamismoari emango zaio lehentasuna. Dena den azpimarratu nahi izan du, berehala lehiatzen hastea ez duela inondik inora ikusten eta garrantzisuena orain sasoi puntua hartzea izango dela.

Luis Crespo bere entrenatzailearen aburuz laugarren ziklo olinpiarrari ekitea sekulako erronka da eta aukera paregabea Jokoak prestatzeko ametsari eusteko. Crespok dioenez helburua 2015eko irailean sasoiko egotea da Las Vegaseko Mundialera era egokian iristeko. Konpetizioak izan dituen aldaketen gainean uste du Maiderren ezaugarrietarako, goiko mailara jauzia ematea egokiago dela, pisu gehiagokoen aurka borrokatzeko.


Nork: .2014/10/23
Etiketak: konpetizioa entrenamendua bat team basque | Permalink